Glaziarrak agurtzen

Glaziarrak agurtzen: Infiernos - Sua. ¿Glaziarra agurtzen¿ dokumental-sortaren atal berri honetan, Pirinioetako txokorik ederrenetako batera, Pico del Infiernora bidaiatuko dugu Eñaut Izagirre glaziologoaren eskutik. Sua da atal honen gai nagusia. Izan ere, gauza jakina da planetaren berotzeak gogor erasan dituela inguruok eta, miraririk ezean, laster glaziarrik gabeko mendiak izango direla Pirinioak ere. Erlojuaren aurkako abentura honetan, altxor preziatu bat, Infiernoseko glaziarra bisitatuko dugu. Berezia, txikia eta bakarra da Infiernosekoa; eta arrisku bizian dagoen arren, Izagirrek azalduko digu azken urteetan inguruko glaziarrek baino hobeto jasan dituela klima aldaketaren ondorioak. Abentura honetan, Eñaut Izagirre aurkezleak gonbidatu-talde berezi bat izango du aldamenean: Txatxibilaldiak, Elgoibarko emakume mendizaleen taldea (aurkezlearen ama tartean dela). Mundu osoko gailurretan ibili diren emakume eredugarri hauek, larrialdi klimatikoak azken urteetan Pirinioetako glaziarretan izan duen eraginaren lekuko izango dira. Horretaz gain, oinarrizko azalpenen kanpalekuan, Pirinioetako txoko ikusgarri honetako xehetasun guztiak ikusiko ditugu, punta-puntako teknologia birtuala eta errealitate areagotua baliatuz, 3 dimentsiotan.